Udalak aurreikusten du bertan sormen, esplorazio, esperimentazio, mugimendu,… guneak jartzea. Kontratuaren aurrekontua 144.982,25 eurokoa da BEZ barne, eta “obrak egiteko epea guztira 11 astekoa izango da”.
Mapak: Udala
Aurrera jarraitzen du Erguingo patioa egokitzeko prozesu administratiboa udaletxean. Atzo, esaterako, Udaleko Kontratazio Mahaiak onartu zuen obrak egiteko aurkeztutako enpresaren proposamena.
Egitasmoak aurreikusten du egungo patioa egokitzea, eta gune berritzaileak jartzea, elementu berriekin: antzokia, natur azpiegitura, biltegi mugikorrak, udako nahiz neguko kanpo-ikasgelak, salto-saltoa, egonlekua,…
Hartara, Udalak kontratuaren aurrekontua zehaztua du 119.820,04 eurotan BEZ barik, eta 144.982,25 eurotan BEZ barne.
Lizitaziora aurkeztu den enpresa bakarra K1 Ekopaisaia da, eta 137.536,34 euroko aurrekontua (BEZ barne) aurkeztu du, baita 4 urteko bermea ere.
Aipatu behar da ere aurtengo ekainean Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak onartu egin zuela obra hauetarako 87.120 € Arrasateko Udalera bideratzea.
“Obrak egiteko epea guztira 11 astekoa izango da”, eta halaber, aurreikusten da lanek bi fase ezberdin izatea: Alde batetik sarrerako patioa egokituko da eta bestetik futbol zelaia”.
“Lehenengo eremu bat egokituko da eta ondoren bestea, ikasleek ahalik eta jolas eremu gutxien gal dezaten obrek irauten duten bitartean”.